• 06 ABE 17

    “Konstituzioan eginiko edozein aldarazpenek, Euskadi eta Kataluniako nazio auziak barne hartu ezik, porrot egingo du”

    Aitor Estebanek Konstituzioaren testuak azken 39 urteotan bizi izan duen inboluzio eta atzerapen prozesua salatu du, eta Ekonomia Ituna esparru politikora eramatea eta berme sistema modifikatzea aldarrikatu du egoera konpontzeko irtenbide gisa

    OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

    Aitor Estebanek, Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaileak, Espainiako Konstituzioaren eta bere aldarazpenaren aurrean EAJ-PNVk aldezten duen jarrera azaldu du gaur. Sabin Etxean eskaini duen prentsaurrekoan, Kongresuko bozeramaile jeltzaleak ateak ireki dizkio konstituzioaren testuaren aldarazpenari, baina era berean ohartarazi du aldarazpen hau soilik izango dela baliagarria, 39 urteren buruan bizirik dirauten auzi handi biei irtenbidea ematen bazaie: “Euskadiko eta Kataluniako nazio auziei ekiteko eta Euskadi eta Katalunia nazio gisa aitortzeko ez bada, ez du ezertarako balio izango eta Konstituzioaren erreforma horrek porrot egingo du”.

    Estebanek berretsi du EAJ-PNVren jarrera dela 1978an adierazitako berbera. Une hartan jeltzaleak Konstituzioaren bozketan abstenitu ziren, erreferenduma deitu zenean Euskadiko hiritargoaren gehiengo zabal batek egin zuen modu berean. 

    Orain, 39 urte geroago, jeltzaleen bozeramaileak baieztatu duenez “distantzia hori are handiago egin da hainbat artikuluri eman zaion interpretazioagatik, Gernikako Estatutuan hitzartuta zeuden eskuduntzak murriztu egin direlarik. Esan daiteke Konstituzioaren atzerapen eta inboluzioa eragin dela” laburbildu du.

    Horregatik eta “batzuek kontrakoa nahi arren, Espainiako nazioaren kontzeptua zentzu bazterkor eta gainerako nazioak ukatzeko zentzuan areagotu den une honetan” Estebanek zera adierazi du: “zentzuzkoena litzateke Konstituzioaren inguruko adostasun horretatik kanpo gaudenak sartzen saiatzea”. Jeltzaleen bozeramaileak, halaber, EAJ-PNVren iritziz krisi egoera honetan egon litekeen konponbidea adierazi du: “Uste dugu konponbidea beste bide batetik datorrela, `Ekonomia Itunaren´ bidetik, hain zuzen; Esparru ekonomikoan aldebikotasunean oinarritutako Itun bat dagoen modu berean, kontzeptu hori berori politikaren esparrura ere eraman beharko litzateke”. 

    Era berean, jeltzaleen bozeramaileak esan du berme sistemaren aldarazpena egokia eta beharrezkoa izango litzatekeela “oraingo sistemarekin, Auzitegi Konstituzionalarekin, argi geratu baita ez dela ez sistema objektiboa ezta neutrala”.