• 13 API 18

    Eibarko Udaleko Obra Sailaren “kolapsoa” salatu du EAJ-PNVk

    EAJ-PNVk salatu du Eibarko Udalak bi hileko atzerapena pilatu duela lau kontratazioren esleipen-prozesuan, 1.621.992,34€ko inbertsioa dakartenak. Txosten teknikoek otsailaren 20rako prest behar zuten. Mendikutek zerbitzuak kontratatzea proposatu du, izan ere, “egungo udal gobernuaren lidergo faltak eta Errebalen geldiarazteak kolapsatu egin dute” obrak kudeatu behar dituen saila.

    EAJk ezagutzera eman du Eibarko Udalaren lau esleipenek, 1.621.992,34 eurokoek, bi hileko atzerapena pilatu dutela. Obra garrantzitsuak daude kaltetuta (https://www.eibar.eus/es/tramites/perfil-de-contratante?tipo=ae) Jardiñetako igogailua, Saratsuegiko irisgarritasuna eta Astelena frontoiko egitura sendotzea. Jeltzaleen ustez, aholkularitza teknikoa kanpoan kontratatzea baliagarria izan daiteke Obra sailaren lan zama arintze aldera, Jardiñetako igogailua berehala eraikitzeko.

    Gelditze horren aurrean, EAJ-PNVk kezka agertu du, eta Obra Batzordea lehenbailehen deitzea eskatu du, konponbideak adoste aldera. Josu Mendicute Rodriguez bozeramaile eta alkategai jeltzalea prest agertu da zenbait zerbitzu kanpoan kontratatzeko. “Departamentuak gainezka egin du. Dagoeneko bi hilabeteko atzerapena pilatu da lau esleipen-prozesutan, eta lehentasuneko proiektuak daude jokoan; adibidez, Jardiñetako igogailua. Proiektu hori duela 15 urtetik behin eta berriro agindu zaie auzolagunei. Igogailua behingoz egitea nahi dugu, eta aukera guztiak aztertzeko prest gaude, igogailua udan eraikita egon dadin”.

    Alkategai jeltzaleak “benetan tristura handia” du Eibarko Udala zein egoerara iritsi den ikusita. “Azken hiru urteotan ohartarazi dugu egungo dual gobernua inprobisazioz eta lidergorik gabe ziharduela. Lehen balorazio politikotzat jo zitekeena, errealitate egiaztagarria da: lau proiekturen esleipen-prozesuan bi hileko atzerapena pilatu zaio Udalari, txosten teknikoak falta direlako”. Mendikuteren ustez, “ezin da erakunde bat gidatu, lehentasunak zeintzuk diren argi izan gabe. Lidergoa eta planifikazioa falta direnean, gora egiten dute inertziak eta inprobisazioak, eta horren ondorioa da Udal sailen kolapsoa, eta proiektu estrategikoak aurrera eramateko gaitasun falta”.

    Obren lehentasunak zerrendatu

    Eibarko Udaleko jeltzaleek liderrak, Mendikutek, udal jarduerak garrantziaren arabera zerrendatzearen alde egin du, premiazkoenak ez daitezen gehiago atzeratu. “Garrantzitsua litzateke ekimen batzuk lehenesteko akordio bat lortzea, adibidez, Jardiñetako igogailua; eta ekiditeko kolapsoaren eta inprobisazioaren eraginez kontu txikiekin arduratuta ibiltzea”. Horren harira, ironiaz mintzatu da Jardiñetako igogailua eta Espainiako hirugarren Errepublikari buruz: “biak ala biak gai folkloriko edo propagandistikoak dira Udaleko butaken berotasunean daudenentzat, baina ez dute inoiz proiektua gauzatzen. Ez dugu aitzakiarik nahi, ez dugu beste alderdi politikoez gaizkiesaka aritu nahi. Nahi duguna sinplea da: Jardiñetako igogailua behingoz errealitate egitea”.

    Zinegotzi abertzalearen ustez, Jardiñetako igogailuak “lehentasun handiena” behar du. “Eibarko auzorik jendetsuenetakoa da, eta bertara iristeko kaleek malda handia dute, ez dituzte irisgarritasun-irizpideak betetzen”. Hori dela eta, Mendikutek Obra Batzordea deitzea eskatu du, eta bertan proposatuko du premia handieneko proiektuen zerrenda adostua egitea.

    Udalbururako hautagai eibartarrak baieztatu duenez, “zinez espero dut Jardiñetako igogailuak eta Pagaegiko espaloiak gure hauteskunde-egitasmoan jaso behar ez izatea, ordurako eginda egotea espero dugulako guztiok. Duela urte asko eginda behar zuten”. Jardiñetako igogailua da, hain zuzen ere, Obra Saileko kolapsoak eragindako proiektuetako bat. Igogailua egitea behin eta berriro eskatu dute auzoko bizilagunek eta EAJ-PNVk. “Sine qua non baldintza izan zen 2016an PSErekin aurrekontu-akordio batera iristeko, eta oraindik ere zain gaude. Emandako hitza errespetatu beharra dago”, esan du, eta gaineratu duenez “ez gara geldirik geratuko, herritarrei emandako hitza bete egin beharra daukagulako. Etorkizuna eraikitzeko errespetatu egin behar da emandako hitza”.

    “Errebal efektua”

    EAJren obra eta hirigintza zinegotziak salatu egin du Errebaleko lanen geldiarazteak Udalean utzi duen “egoera kezkagarria”. “Gauzak ez direnean ondo hasten, okerrera egiten dute eta, azkenean, denbora eta diru gehiago behar izaten dute. Eibar aukerak galtzen ari da, egungo agintariak ez direlako hiriaren etorkizuneko erronkei erantzuten ari”, eta konpromisoa hartu du “Errebaleko proiektuan duela bi hamarkadatik hona egindako gastu guztien zerrenda argitaratzeko, azken zentimora arte”.