• 15 URT 18

    Eibarko industriaren aldeko ekimenak nahi ditu EAJk udal aurrekontua babesteko

    EAJ-PNVk hainbat proposamen egin ditu Eibarren ekonomia berraktibatzeko, eta iragarri du horiek betetzea funtsezkoa izango dela PSE-EE PSOErekin (sozialistak bakarrik daude udal gobernuan) aurrekontu-akordio bat lortuko badute. Polo Teknologikoa garatzea da jeltzaleek lotu nahi duten gaietako bat.

    Josu Mendicute Rodriguez jeltzale eibartarren bozeramaileak adierazi duenez, “Eibarren Polo Teknologikoa izatea aukera bat da, etorkizunean enplegu gehiago eta hobea sortuko duena, eta nire nahia da Udalak sendo egitea bere garapenaren alde”. Horretarako, EAJk Polo Teknologikoaren Negozio Plana berritzea proposatu du.

    EAJk aurrekontu-proiektuari beste hainbat proposamen egin dizkio industria bultzatzeko: erabili gabeko espazio industrialak berrerabiltzeko programak, tailerren fatxadak konpontzeko dirulaguntzak, industrialdeetarako sarbideak hobetzeko inbertsioak eta robotika eta automatizazioa sustatzeko plan bat. 2018ko aurrekontua urtarrila amaieran bozkatzea aurreikusita dago, eta udal gobernuak, gaur gaurkoz, ez du bermatu Udal Batzarrak onestea.