Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/01/08

“Bere kudeaketan egindako lege-iruzurraren erantzukizuna bere gain hartzea exijitzen diogu Bilduri”

Imanol Lasa foru bozeramaileak adierazi du aurreko foru Gobernuaren erabakiek Gipuzkoarentzat ondorio “negargarriak” eragiten jarraitzen dutela
“Bere kudeaketan egindako lege-iruzurraren erantzukizuna bere gain hartzea exijitzen diogu Bilduri”

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, Imanol Lasak, bere gain hartzeko exijitu dio EH Bilduri aurreko legealdiko kudeaketan eginiko lege-iruzurraren erantzukizuna. Aste honetan bertan justiziak ebatzi du aurreko errauskailuaren kontratua eteteko Bildu eta ABEEk adostutako akordioa, zeinen arabera enpresek 11 milioi euro jaso zituzten lanak etetearen truke, zuzenbide osoz ezereza dela, eta honen harira egin ditu adierazpenok Lasak. “Frogatuta geratu da egin zutena legez kanpo zegoela eta apropos egin zutela aurrera, txosten juridiko denak kontuan hartu gabe eta Batzar Nagusien gehiengoak hartutako erabakiak mespretxatuz”, azpimarratu du Lasak, EH Bilduri berriro exijituz onar dezala egindakoaren erantzukizuna.

Aurreko foru Gobernuak hartutako erabakiek eragiten ari diren ondorio “negargarriak” gogoratu ditu bozeramaileak, lurraldeari ekonomia, legedi eta ingurumen arloetan kalte larriak eragiten ari baitira. “Gauzatu zituzten norabide gabeko politikek 40 milioi euro inguru kostatu zaizkie Gipuzkoako herritarrei eta, legedi ikuspuntutik, ez zituzten bete behin eta berriz mota guztietako zuzentarau eta araudi forala”, adierazi du. “Hau dena gutxi balitz, lurraldeko hondakinen kudeaketa kinka larrian jarri dute: ez zuten zabortegirik itxi aurreikusitako datetan, ezta azpiegitura berriak prestatu ere. Kili-kolo utzi zuten dena eta edozein etorkizuneko irtenbide oztopatzen saiatu dira”, salatu du foru bozeramaileak.

Zentzu honetan, Lasak nabarmendu du legealdi honetan hondakinen kudeaketaren inguruko afera konponbidean dagoela, irtenbideak mahai gaineratzen ari baitira Europak zehazten duen norabidean eta gehien birziklatzen duten herrialdeen ereduari jarraiki. “Orain arte erabilitako gezurrak, gobernu eta udaletxe, mankomunitate eta partzuergoetako gehiengo demokratikoak hartutako erabakiak epaitegietara ematea beste planteamendu batzuk inposatuz ez da bidea. Ezer abertzaleko ordezkariek errotik aldatu behar duten jarrera da”, azaldu du, nabarmenduz Gipuzkoak jada atzean utzi duela aurreko legealdiko “inposizio eredua” eta gaur egun lurraldeko hondakinen osoko kudeaketa konponbide, ziurtasun eta zorroztasunaren bidetik dabilela.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube