• 10 URT 18

    EAJ-PNVk frankismoaren krimenen ikerketa judiziala babesten du

    Bizikidetza eta Giza Eskubideak zuzendaritza, memoria historikoaren arloan garatzen ari den politika azpimarratu beharra dago, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako bidea egia, justizia eta erreparazioa ardatz eta frankismoaren krimenak ikertzeko kereila izapidetzearekin batera

    Lander Ugartemendia, EAJ-PNV batzarkide Gipuzkoako Batzar Nagusietan, gaur egin den Osoko Bilkuran frankismoaren krimenak ikertzeko ebazpen proposamenaren onarpenak jaso duen babes zabala azpimarratu du. Aipatu proposamenak lau puntu jasotzen ditu. Lehenengoan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Elgetan gertatutako frankismoaren krimenak ikertuak izan daitezen bertako udalak hartu duen ekimena txalotu eta babesten du. Bigarren puntuan, sakonki deitoratzen dute Bergarako 4. Instrukzio Epaitegiak frankismoaren krimenak ikertzeko eginbideak artxibatu izana. Jarraian, abenduak 13ko Osoko Bilkuran onartu zen 99/2017 Ebazpena berretsi eta aipatu Epaitegiak zabaldutako bidea kokatu. Eta laugarren eta azken puntuan, Foru Aldundiari eskatzen diote frankismoaren krimenak ikertuak izan daitezen eta aurreikusita duen kereilaren izapidetzea azkartu dezala.

    Lander Ugartemendiak bere hitzaldia, Agirre Lehendakariaren hitzak gogora ekarriz hasi du, Nurembergeko Auzitegi Militarrari zuzendutako idatzian jasotakoak.  Diskurtsoan Agirrek, behin eta berriz errepikatu zituen, egia, justizia eta erreparazioa hitzak. “Eta horixe da hain zuen – azpimarratu du Ugartemendiak – gaur Batzar nagusietara dakargun aldarrikapena: egia, justizia eta erreparazioa”.

     “Joan den abenduak 13an, pozez eta itxaropenez jaso genuen Bergarako 4. Instrukzio Epaitegitik iritsitako berria: Elgetan frankismoaren krimenak direla eta, aurretiazko ekinbideak irekitzeko erabakia hartu zuela. Gaur, aldiz, tristura sentitzen dugu, Epaitegi hartatik datorkigun berriagatik: Euskadin frankismoak eragindako krimenen ikerketa artxibatzeko erabakia, alegia”. Ugartemendiak Bergarako Auzitegiak aste honetan bertan hartutako erabakia salatu du, “egia, justizia eta erreparazioa jarraitu beharreko bidea bada, aste honetan hartutako erabakiak inpunitate osoa eskaintzen die erregimen frankistak eragindako krimenei”.

     “Hori dela eta – jarraitu du - onartu dugun ebazpenaren 2. puntua egokitzea proposatu dugu: 2.- Gipuzkoako Batzar Nagusiek sakonki deitoratzen dute Bergarako 4. Instrukzio Epaitegiak franskismoaren krimenak ikertzeko irekitako aurretiazko eginbideak artxibatzeko iragarri duen erabakia”.

    Azkenik, Lander Ugartemendiak azpimarratu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bereziki, Maribel Vaqueroren Bizikidetza eta Giza Eskubideak zuzendaritzak betetako lana “lan aipagarria – jarraitu du - Bizikidetza eta Giza Eskubideak zuzendaritzak memoria historiko arloan betetzen ari dena, eta era beran, Foru Aldundia burutzen ari den lana, egia, justizia eta erreparazioa ardatz, lurraldeko udalekin batera eta frankismoaren krimenak ikertzeko kereilaren izapidetzea medio”.