• 05 API 17

    EAJ-PNVk ETAren armagabetze "itzulezin, erabateko, aldebakarreko eta politikoki baldintzatu gabearen" aldeko adierazpena izenpetu du, "biktima guztiak" gogoratuz elkarbizitza prozesuari lagunduko diona

    Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek Hegoaldeko alderdi politiko eta sindikatu gehienek izenpetu duten agiriaren irakurketan parte hartu du

    EAJ-PNVk ETAren armagabetze "itzulezin, oso, aldebakarreko eta politikoki baldintzatu gabearen" aldeko adierazpena izenpetu du "orain aldian eta etorkizunera begira aurrera egiten" lagun dezan eta "biktima guztiak" gogoratu ditzan. Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar gaur goizean izan da Bilboko Abando Hotelean adierazpen horren irakurketan. Talde jeltzaleaz gain, agiria izenpetu dute Hegoaldeko alderdi politiko eta sindikatu gehienek, ETAk armagabetzea egin baino hiru egun lehenago.

    Adierazpenean ETAri eskatzen zaio "ahal den eperik laburrenean armagabetze egintza aldebakarreko, erabateko,behin betiko eta egiaztatua" egin dezala eta Egiaztatzaileen Batzordeari eskatu zaio "bere lan onarekin jarrai dezala helburu hori erdiestera begira". Agiria izenpetu duten erakundeek ondo baloratu dute "gizarte zibileko pertsonek eta erakundeek helburu hori lortzeko egin duten ahalegina" eta euskal erakundeak animatu dituzte "behin betiko armagabetzea babesteko ekintzak lege barruan eta segurtasun bermeekin egin ditzatela" eta "armagabetzearen jarraipena" egin dezatela. Amaitzeko, Espainiako eta Frantziako Gobernuei eskatu zaie "ETAren armagabetzea burutzeko lanean lagutzea".