• 14 UZT 17

    EAJ-PNVk Altsasuko gazteen auzian fiskalak egindako eskaeraren aurrean erabateko desadostasuna azaldu du

    Arrizabalaga: “Auzi honen inguruan emandako neurrigabekeri juridikoa salatu eta kasua Iruñeako epaitegiak ikusi beharko lukeela esaten dugu, eta ez Auzitegi Nazionalak”.

    Gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako Bizikidetza eta Giza Eskubideen Batzordean, Maria Eugenia Arrizabalaga Eusko Abertzaleak EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramaileak Altsasuko zazpi gazteen auzian fiskaltzak egindako eskaera neurrigabea salatzeaz gain, urriak 15eko goizaldeko Altsasuko gertakarien kasuan aplika ezina den zigor-kodeak jasotzen duen 573. artikulua ezarri ahal izateko, Auzitegi Gorenak  eta Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak osatutako kontaketa ere gaitzetsi ditu.

    Honela, EAJ-PNV Nafarroako foru erakundeetan onartutako ebazpenaren alde eman du bozka Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Aipatu ebazpenean, Ministerio Fiskalak gertakariok “terrorismotzat” jo izana eta Nafarroako Probintzia Auzitegiaren ordez Auzitegi Gorenak eta Entzutegi Nazionalak kasua bere gain hartu izana gaitzesten direlarik. Kasuaren eskumena edozein kasutan, Iruñeako epaitegiena izan behar lukeela uste du EAJ-PNVk.

    Arrizabalagak adierazi du, “Entzutegi Nazionaleko fiskalaren “terrorismo” kalifikazioak etsaiaren aurkako zuzenbide penalaren zantzu gehiago du, benetako zuzenbide estatu batean edozer prozedura penalak beharrezko dituen oinarri eta berme juridikoena baino”. “Altsasu auzia etsaiaren aurkako zuzenbide penalaren eredu argia dugu, salbuespen zuzenbidea, non bakoitzari dagokigun berme eta eskubideak alde batera uzten diren”, azpimarratu du Arrizabalagak.

    Bestetik, bozeramaile jeltzaleak, kasu honen inguruan emandako neurrigabekeria salatu du. “Eta ez gu bakarrik – erantsi du- alderdi politiko askok, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzako Bakea eta Bizikidetza idazkaritzak, 80 alkatek baino gehiagok, horien artean Iruñea, Donostia, Bilbo eta Gasteizko alkateek ere, gogor salatu dute”.

    Azkenik Maria Eugenia Arrizabalagak azpimarratu du, “kasua Iruñeako epaitegiak ikusi beharko lukeela eskatzen dugu, eta ezarri beharreko epaia eman dezan, beti ere frogatutzat ematen diren gertakariak oinarri hartuta eta ez auziz kanpo sor daitezkeen kontsiderazioei erreparatuta”.