• 05 ABE 17

    EAJ-PNV, Beasainen bizitzeko aukera eskaintzen eta bermatzen duen etxebizitza politikaren alde

    Herritarrei Beasainen bizitzeko aukera eskaintzen eta bermatzen dien etxebizitza politikaren alde agertu da Beasaingo EAJ-PNV. Horretarako, beharrezkotzat jo dute proiektu berriak garatzea eta ekimen berriak sustatzea herritarrei aukera berriak eta ezberdinak eskaini ahal izateko. Errekarte eremuaren proiektuaren behin betiko onespena, aipatu estrategia eta helburuaren baitan kokatu dute jeltzaleek.

    EAJ-PNVk aspaldidanik du lehenetsita eremu urbanoa herriaren hazkunde eta garapenerako. Gauzak horrela, hutsik dauden  eremu urbanoko espazioak berrerabiltzea, degradatuta dauden eremuak berreskuratzea eta indarberritzea eta etxebizitzak eraikitzeko eremu berriak kalifikatzea lehenesten dute, herritarren beharrei erantzuteko eta etxebizitza alorrean ere,  aukera berriak eskaintzeko.

    Behin betiko onespena jaso duen Errekarte eremuko proiektu berriak, udalerriko etxebizitza eskariari erantzuteko, 114 etxebizitza inguru aurreikusten ditu eta horietatik 39 babestuak izango dira (babes ofizialekoak eta tasatuak). Gaur egungo eraikinen lerroari jarraiki eraikiko dira etxebizitza bloke berriak, hau da, eremu urbanoan eraikiko da eta ez mendialdean.