Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/11/08

EAJ Kataluniarekin, demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde

Maria Eugenia Arrizabalaga bozemaile jeltzaleak zera esan du Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkuran: “Kataluniak erakutsi digu Estatu espainiarrak onartzen duena da bere Konstituzioaren balio nagusia ez dela demokraziaren defentsa eta herritarren eskubide eta askatasunekiko errespetua baizik eta 2.artikuluak nazio bakartzat aitortzen duenaren banezinezko batasuna”.

Maria Eugenia Arrizabalaga, EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramaileak gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan Osoko Bilkuran EAJ-PNV, EH Bildu eta Podemos batzarkide-taldeek onartutako ebazpenaren garrantzia azpimarratu du, bertan Espainiar Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa eta lehen unean, Jordi Saenz (ANC) eta Jordi Cuixart (Omnium Cultural) independentziaren aldeko gizarte eragileen, eta ostean,  Kataluniako Govern-eko kideen behin behineko kartzelaratzea irmoko arbuiatzen delarik. Era berean, ebazpenak Kataluniako herritarrek demokratikoki hautatuko ordezkariak berehala askatuak izan daitezen borondatea azaltzen duelarik.

Onartutako ebazpenak, Kataluniako gobernuaren interbentzioak suposatzen duen galera demokratikoa, bereziki larria, kezkagarria eta onartezintzat jotzen du, PPko Espainiako Gobernuaren ekimenez bultzatu dena, PSOE eta Ciudadanosen babesaz. Gauzak honela, ebazpenak, eraso honen aurrean, ez Espainiako gobernuak edo konstituzionalistek emandako eskubide baizik eta, herritarren ondarea diren askatasun demokratikoak errespetatzeko konpromisoa berresten du; eta azkenik Espainiako gobernuari eta Estatuko botereei eskatzen diete, baztertu dezatela martxan jarritako errepresio estrategia eta haren ordez, elkarrizketaren bidea erabiliz, errespeta ditzatela, Kataluniako ordezkari eta instituzioen eskubide zibil eta politikoak.

Bozeramaile jeltzaleak, Espainiako gobernuak urriak 1eko erreferenduma galarazteko ezarritako neurriak gogora ekarri ditu, botereen banaketa eza abiapuntu: isun ekonomiko eta administrazio-zigorren ezartzea, zigor penalak, atxiloketak, alderdi politikoen egoitzen miaketak, estatu polizialean sakontzea… eta azkenik,  konstituzioaren 155. artikulua indarrean ezartzea eta Kataluniako herritarrek demokratikoki hautatutako ordezkarien kartzelaratzeak.

Maria Eugenia Arrizabalagak, Katalunia duintasun eta demokrazia eredutzat hartu du. “Kataluniak - adierazi du – herri baten erabakitzeko eskubidea gauzatzea Espainiar Estatuan zein zaila izan daitekeen erakutsi digu. Bere konstituzioaren xede nagusia demokrazia eta herritarron eskubide zibil eta politikoen defentsa ez ezik, bere bigarren artikuluan jasotako “banandu ezina den” nazio batasuna zaindu eta babestea duenean helburu bakarra, Kanada eta Quebec edota Britainia Handia eta Eskoziaren arteko aldebikotasun ereduetatik urrun”.

Azkenik bozeramaile jeltzaleak adierazi du, “EAJ-PNV batzarkide-taldetik, babes osoa azaldu nahi diogu Kataluniako erakunde eta herritarrei, eta espetxeratuak berehala askatuak izan daitezen eskatu”. “Herri bezala - erantsi du Arrizabalagak -, bai Kataluniari eta bai Euskadiri, gure etorkizuna demokratikoki erabakitzeko dagokigun eskubidea aldarrikatu nahi dugu”. “Gaur onartu dugun ebazpenak agerian uzten du – amaitu du jeltzaleak - Gipuzkoan ordezkaritza politiko zabala biltzen duela herrien erabakitzeko eskubideak”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube