• 13 IRA 17

    Donostiako Udalak 1936an askatasunaren defentsan aritutakoak omendu ditu Memoriaren Egunean

    Erakunde, indar polítiko, biktima eta elkarte memorialistek hartu dute parte. Gu ere bertan izan gara Joseba Egibar buru.

    Donostiako Udalak omenaldia egin die 1936ko estatu kolpe frankistaren ondoren askastasun demokratikoak defendatu zituztenei. Memoriaren Egunaren baitan Donostiako Udalak antolatutako lehen ekitaldia izan da. Arratsaldean “Ilunpetik argitara” antzezlanaren emanaldia egingo da Donostiako Udalbatzan.

    Alkatea buru, Udalbatzak ekitaldia egin du frankismoaren biktimak oroitzen dituen Dual eskulturaren aurrean. Gaurko egunez, gainera, 81 urte dira indar golpistek Donostia hartu zutela.

    Udaletxeko talde politikoekin batera, Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusietako ordezkariek ere parte hartu dute Ijentea kalean dagoen eskulturan egindako omenaldian. Erakudeekin batera, elkarte memorialistek eta frankismoaren victimen senitartekoek ere parte hartu dute.

    Donostiako alkateak “oroimena eta egia ezagutzeko eskubidea” aldarrikatu ditu.

    “Guri dagokigu gure aurretik justizian, bakean, elkartasunean eta askatasunean sinistu zutenen memoria bizirik mantentzea. Beraiei eta beraien oinordekoei zor diegulako. Baina baita hurrengo belaunaldiei ere. Ezagutu dezatela gure aurrekoek zenbat sufritu zuten, eta zenbat sufritu daitekeen historia errepikatzeko bezain itsuak baldin bagera”, adierazi du Eneko Goiak.