• 11 IRA 17

    Diada egunean Ortuzarrek begirunea eskatu du “Catalunyako herriarentzat, bere erakundeentzat eta hartuko dituzten erabakientzat”

    EBBKo presidentearen guraria da Catalunyak urriaren 1ean bozkatu ahal izatea, eta Espainiako Gobernua Catalunyako auzia nola kudeatzen ari den kritikatu du “Ematen du Madrilen trenek elkarren artean talka egitea baino ez zaiela interesatzen” baieztatu du

    EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek begirunea eskatu du gaur “catalunyar herriarentzat, bere erakundeentzat eta hartuko dituzten erabakientzat”, aldi berean adierazi du bere guraria dela Catalunyako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko aukera izan dezatela. Ortuzar oso kritiko agertu da Espainiako Gobernua Catalunyako auzia kudeatzeko orduan baliatu dituen moldeekin. “Guardia Zibila bidaltzea ez da batez ere zentzuzkoa izan” salatu du.

    Ortuzar, gaur, Bartzelonan, Diada egunean izan den ordezkaritza jeltzaleko burua izan da, Rafael Casanovaren monumentuaren aurrean egin den lore eskaintzan. Gaurko egunean gogoratzen da Casanova 1714ko irailaren 11n hil zela Bartzelonako hiriaren eta Catalunyaren askatasunen aldeko borrokan. Ortuzarrekin batera ordezkaritza jeltzalea osatu du Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza arloko burukide arduradunak, eta bien artean lore eskaintza egin dute Casanovaren monumentu aurrean. PDeCAT alderdiko ordezkariekin batera egin dute, euren artean Marta Pascal koordinatzaile nagusia eta Catalunyako president ohi Artur Mas izan direlarik. Lore eskaintza egindakoan Ortuzar eta Aurrekoetxea Euskadirako bidea hartu dute gaur arratsaldean Euzkadi Buru Batzarraren asteroko bileran parte hartzeko.

    “Urtero bezala, aurtengo Diada berezi honetara etorri gara Catalunyako herriari eta proces-ari gure elkartasuna eta babesa adieraztera. Guk argi eta garbi ikusten dugu Catalunya nazio bat dela eta, nazio den aldetik, eskubide politiko batzuk dituela. Era berean uste dugu catalunyar herriak bere etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko eskubidea duela, eta eskubide hori herriak berak baino ez duela baliatu behar. Eta uste dugu Catalunyako erakundeek zilegitasun osoa dutela catalunyar herria erreferendumera deitzeko. Baldintza horietan eraiki behar da Catalunyako auzia konpontzeko soluzioa, eta bide hori da euskal herriarentzat aldezten duguna. Horretara etorri gara gaur, begirunea eskatzera, begirunea catalunyar herriarentzat, bere herriak eta bere erakundeek hartuko dituzten erabakientzat” baieztatu du Ortuzarrek.

    Urriaren 1ean erreferenduma egongo ote den galdetuta, EBBko presidenteak baieztatu du EAJren guraria dela “erreferenduma egin dadila, Catalunyak bere etorkizuna erabakitzeko aukera izan dezala. Catalunyari onena opa diogu, catalunyar herriak nahi duena gerta dadila, hain zuzen, eta herriak nahi hori hautestontzietan adierazteko aukera izan dezala”. Ortuzarri galdetu diote zer deritzon Espainiako Gobernua Catalunyako auzia kudeatzen ari den moduari. “Ematen du Madrili trenen arteko talka baino ez zaiola interesatzen. Ez da bakarrik pentsatu behar urriaren 1ean zer gertatuko den, urriaren 2an ere pentsatu behar da. Eta urriaren 2a eraikitzailea eta demokratikoa izan dadin, hobe urriaren 1ean bozkatu ahal bada”. Jeltzaleen buruaren aburuz, Guardia Zibila bidaltzeko erabakia “ez da zentzuduna” eta Rajoyren Gobernuaren erreakzioa ez da “egokiena” izaten ari. Ez da bidezkoa,ezta zentzuzkoa ere, erreferenduma debekatzea, debeku horrek giroa are gehiago gaiztotzen duelako eta gizartea alerta jartzen ari delako. Onena eta demokratikoena da erreferenduma baimentzea eta gero horren arabera jardutea”. Hori dela eta, Ortuzarrek desiragarri jo du “Estatuko Gobernuak oraingo blokeo jarrera eta burugogorkeria aldatzea. Konplikatua izango da,baina hiritarren borondatea ezin da aintzat hartu gabe utzi” baieztatu du.

    Kazetariek euskal bideaz galdetu diote Ortuzarri, hau da, Catalunyako bidearekin alderatuta bestelakoa dena. “EAJren konpromisoa da euskal gizarteak bere etorkizuna erabaki ahal izatea, bozkatu ahal izatea eta herriak berak nahi duen estatus juridiko-politikoa izan dezala” esan du. “Euskadin beste bide bat jarraitzen ari gara, bestelakoa da Catalunyako bidearekin alderatuta, baina hemen Catalunyan eraman duten bidea erabat errespetatzen dugu. Guk ere sinesten dugu Euskadi nazio bat dela eta gure etorkizuna guk geuk askatasun osoz erabakitzeko eskubidea dugula, baina lehenengo eta behin euskal herritarron arteko akordioa lortu behar dugu. Gu beste bide batetik saiatzen ari gara. Catalunyako prozesua ez da orain hasi, hamar urte daramate bide honetan. Beraiek gure bidea egiten saiatu ziren baina ezinezko gertatu zitzaien. Gu ere saiatu egingo gara eta ikusiko dugu etorkizunak zer dakarren” amaitu du.