• 17 MAR 17

    Dena prest Gipuzkoako jai informatikorik handienari hasiera emateko

    Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak Encounterrak hiriari dakarkion onurak azpimarratu ditu

    XI. Gipuzkoa Encounter hastear da. Bihar, martxoak 17, hasi eta igandera bitarte, martxoak 19, Tolosak punta puntako teknologia jarriko du zaletu guztien eskura Usabal kiroldegian. Guztira 600 izango dira partyan bertan parte hartuko dutenak, baina Open Guneak Encounterraren ateak zabalduko dizkie interesa duen orori. Datuei erreparatuz, aurtengoan Gipuzkoatik datozenak dira gehien; ondoren bizkaitarrak, arabarrak eta nafarrak. Sarreren salmenta azkarrak erakusten digu encounterraren arrakasta: 15 segundu nahikoak izan dira aurtengoan. Gehienak jokoek eta interneteko konexio ultra azkarrak erakartzen ditu, azken urteotan egin diren inkesta ezberdinak kontuan hartzen baditugu.

    Usabal kiroldegiak eskaintzen duen 2.500 metro koadroko espazioari azken ukituak ematen dabiltza egunotan Euskalteleko eta Tolosako Udaleko langileak, Tolosaldea Lanbide Heziketako ikasleekin batera. Hain zuzen, Tolosaldeako Goi Mailako Lanbide Heziketako 4 ikaslek Gipuzkoa Encounterrean egingo baitute lan. Andoni Maiora irakasleak adierazi duenez “ikasleak ikasturtean zehar ikasten ari direna praktikara eramango dute eta gainera punta puntako teknologia darabilte eskuartean. Probetsuzkoa oso” gaineratu du.

    Zentzu horretan, Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak ikasleei dakarkien praktikaldia positibotzat jo du, eta orokorrean Encounterrak Tolosari dakarkion onura azpimarratu du: “inguruko edizioak hiriburuetan izan ohi dira, Gipuzkoakoa Tolosan. Honelako ekimenek lanketa handia dakarte atzean”. Urteko ekitaldien artean encounterra garrantzitsu dela du iritzi: “Tolosa mapa teknologikoan kokatzen du, baina logikoki gainerako esparruak ere elikatzen dira: ostalaritza eta merkataritzari bezero ugari ekartzen dio encounterrak. Zenbatetsia dago partehartzaile bakoitzak Tolosako egonaldian 250 euro inguru uzten dituela”. Gehitu du egunotan Tolosa bisitatzeko aukera “paregabea” duela nahi duen orok: “ohiko eskaintza oparoaz gain, encounterra ere osagarri baita”.

    Laskorain ikastolan ezarri da lotarako gunea, herriak eskaintzen dituenen errefortzu gisa: orotara 250 pertsonentzako lekua egongo da bertan. Tolosak eskaintzen dituen lotarako lekuak “beteta” daudela  aurreratu  du  alkateak,  eta  eskerrak  eman  dizkie  Laskorain  Ikastolako  arduradunei “egunotan egiten duten esfortzuagatik”.

    Iaz, Tolosako Udalak eta Euskaltel Konektak Open Guneari bultzada berezia eman zioten eta bigarren urtez, eta iazko arrakasta oinarri izanik, aukera zabala antolatu da. “Iaz 2000 lagunetik gora gerturatu ziren gune honetara; aurten zifra hori gainditzeko erronka jarria dugu” adierazi du Sabino San Vicente, Euskaltel Konektako gerenteak. Bi arlo nagusitan banatzen da gunea: tailerrak eta hitzaldiak. Olatz Peon Ormazabalek “batez ere hitzaldiek enpresei begira duten onura” azalerazi du: “Beraien negozio ereduan aurrera egiteko gaiak jorratzen baitira bertan, digitalizazioak ekarri duen aukera uholdeari nola eutsi gakoa den une honetan. Hain zuzen, Udalean eta eskualdeko Garapen Agentzian, herriaren eta eskualdearen garapen ekonomikoa oinarrizkoa da. Ekintzailetasuna hain bizirik dugun une honetan, erakundeok horretan inbertitzen ari gara, eta honetako ekimenak, proiektu berrien sorrera ekar lezakete. Enpresa-ekimen berriak bultzatzeko gaitasuna du Encounterrak, dudarik gabe” gehitu du. Open gunearen programa atxikita*

    Sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlan “benetan aberatsaren” emaitza da Gipuzkoa Encounter alkatearen esanetan: “berrikuntza bultzatu eta teknologia gizarteratzeko apustu garbia”.