• 11 URT 18

    Berrikuntza eta atzerriko merkatuetara zabaltzeko ahalegina mantentzea ezinbesteko dira enplegua sortzen jarraitzeko

    Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Oribay Group enpresak Donostian duen egoitza bisitatu du, non, Jose Munoz zuzendari nagusiarekin batera, bertako laborategi eta instalazio aurreratuak ezagutu dituen. Bertatik mundu osoko autogintzako faktoria eta marka ugariri zerbitzua eskaintzen diete. Alboan Ekonomia Sustapena eta Ogasuneko diputatuak zituela, Ainhoa Aizpuru eta Jarbier Larrañaga, hurrenez hurren, “berrikuntza eta atzerriko merkatuetara zabaltzeko” enpresa donostiarrak egindako ahalegina nabarmendu du Olanok, ahalegin horrek erakusten baitu lurraldeko industriak eta egun duten indarra.

    “Gure enpresek ahalegin garrantzitsua egin dute eta egiten ari dira berrikuntza eta nazioartekotzearen ikuspegitik, eta ahalegin horri eutsi diote, kasu askotan, baita krisi garaietan ere. Determinazio horri esker, Gipuzkoako industriak egoera ona ageri du, azaldu du diputatu nagusiak. Egoera positibo horren lekuko, aipatu ditu Ekoizpen Industrialaren Indizeak berriki erakutsitako datuak –joan den azaroan, 2016an hilabete bereko datuekin aldeatuz, indize hori %6 igo da–, zein atzerriko salmentek izandako bilakaerak –%3,7ko igoera aipatutako hilabete horretan–.

    Diputatu nagusiak aipatu du, edozein kasutan, badirela “arazoak eta egoera kritikoak”, baina antzeko egoerak ekiditeko “berrikuntza eta nazioartekotzearen alde” egiten jarraitu beharra aipatu du, gisa horretan atzera pausoak gainditu eta lanpostuak sortzen jarraitzeko. “Gipuzkoako Foru Aldunditik enpresengandik gertu jarraitzeko determinazioa du, lehen aipatutako ahalegin hori sustatzen jarraitu asmoz”, azpimarratu du.

    Gipuzkoako industria ehunaren lehiakortasuna eta berrikuntza  bultzatzeko 200 milioiko dotazioa aurreikusten duen Ekonomia Suspertzeko Plana 2015-2019ren babesa jaso duen enpresetako bat da Oribay. Hain zuzen ere, bere produktu berrietako bat atzerrian saltzeko proiektu batengatik diru-laguntza jaso zuen orain dela urtebete, Ekonomia Sustapeneko departamentuak nazioartekotzea bultzatzeko abian jarritako proiektuen testuinguruan.

    Ekonomia Sustapeneko departamentuak enpresen nazioartekotzea bultzatzeko abiarazitako diru-laguntza eta egitasmoek 119 enpresengan izan dute onura. Batetik, produktu berrien nazioartekotzea bultzatzeko programak, 800.000 euroko dotazioarekin, 28 enpresari lagundu die. Bestetik, ETEen nahiz NEBT enpresen nazioartekotzea bultzatzeko Gipuzkoako Ganberarekin batera martxan jarritako zerbitzuak 91 enpresa gipuzkoarri lagundu die kanpoko merkatuetan eragiteko. Azken zerbitzu honen bitartez, Amerika, Afrika, Asia eta Europako 35 herrialdetan 111 nazioarteko oferta prestatu dira; 28 kontratu lortu dira, zeinak eragin dituzten bi milioiko balioa duten salmentak.

    Nazioartekotzera bideratutako programa horietara 1,3 milioi bideratu ditu Foru Aldundiak 2017an zehar.

    Oribay, mundu guztian presentzia

    Automozioaren alorrean 30 urte baino gehiagoko esperientzia du Oribay enpresa donostiarrak. Automobilen haizetakora itsatsita doazen osagarri eta itsasgarriak diseinatu, garatu eta fabrikatzen ditu. Nazioartekotze eta berrikuntza maila oso altua duen enpresa da –langileen %40 I+G eta berrikuntzan aritzen dira–, gaur egun hazkunde fasean dago eta beren plantetan 125 langilek egiten dute lan.

    Mundu mailan eta hainbat merkatutan duen presentzia tarteko, Oribayk bere produktuen kalitatea eta lehiakortasunaren aldeko apustua egin behar izan du, I+Gean ahalegina handitu eta horrela autonomous driving delakoan sakondu ahal izateko. Gisa horretan, baita ere, bezeroei eramu ezberdinetan zerbitzua eskaini eta laguntzeko modua garatu du, izan berrikuntzan, asistentzia teknikoan zein barne prozesuetan.