• 17 EKA 17

    Beharrezkoa da 82 gudarien oroimenari ezarritako zigorrari konponbidea jartzea bakea egiteko eta herria egiteko

    Eider Mendoza, Batzar Nagusietako presidentearen adierazpena, Gernikako hilerrian hilobiratutako gudariei egindako omenaldia dela eta

    82 gudarien oroimena aitortzea, haietako 72 gipuzkoarrak, iruditzen zait ezinbestekoa dugula zuzentasun eta duintasun kontua delako. Frankismoak zigor betean eduki zuen gure herria, Euskadi. Gizalegeak agintzen dituen oinarriak urratzera ere ausartu ziren, faxistei aurre eginez euskal aberriaren alde hil ziren gudarien gorputzak hilobietatik ateraz eta hobi komunean lurperatuz, izenak kenduz, izana eta duintasuna ukatuz, giza begirune arrastorik gabe. Frankismoak gudarien oroimenari zigorra erantsi zion, gerran hil ondoren, beste heriotza bat: herriaren oroimenetik ezabatuak izatea zen helburua. Diktadurak nahi zuena zen jendeak ez zezala bere baitan gorde gudari haiek izan zirenik ere eta ezta zergatik eman zuten bizia, Euskadiren askatasunagatik.

    Azken batean, herria bera zigortu nahi izan zuten justifikatzerik ez dagoen eran, herriak memoria eta izatea galtzeko. Izan ere, herri bati oroimena kendu ezkero, ahul geratzen da, manipulatzen erraza eta menperatua izateko zorian. Ez da hala gertatu, ordea. Euskadi, euskaldunak, hemengo erakundeak buru direla, oroimen bizikoak gara, bere nortasunaz jabetzen den herria delako. Ez dauzkagu ahazteko gizon haiek, Euskadiren eskubideen alde borrokatu zirenak, heriotzaraino borrokatu ere.

    Beraz, gaurko honekin gudari haiei eta beren sendiei zor diegun konponbidea adierazi nahi dugu, bereziki haien andre eta seme-alabei, eta baita Euskal Herriari ere. Izan ere, bakerako oroimena egitea baita gudari haien izenak berreskuratzea eta gure historian sartzea, eta oroimena eginez herria egitea.