Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/06/23

Batzar Nagusien babesa “Itsas Laguntza Humanitarioa” GKEari 8.000 euroko laguntzaz

Eider Mendoza: “Laguntza hau ur tanta bat da beharraren itsaso zabalean, seinale bat izan nahi duena gure gizarterako: bizia jokoan dagoenean, ez dago hotza eta neutrala izaterik, giza eskubideak ezin direlako pribatizatu, guztionak baitira”
Batzar Nagusien babesa  “Itsas Laguntza Humanitarioa” GKEari 8.000 euroko laguntzaz

Sinatu dugun hitzarmen honen bidez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek 8.000 euroko diru-laguntza emango diote “Itsas Laguntza Humanitarioa” Gobernuz Kanpoko Erakundeari. Aurki, Mediterraneo itsasora joatekotan dira boluntarioak. Egeoko uretan babes bila Europarantz abiatutako gizon-emakumeak, helduak eta haurrak aurkitu eta laguntzea da beren misioa.

Batzar Nagusiek lankidetzarako 50.000 euro dauzkagu, eta erakundeko Mahaiak erabaki du (hilaren 6ko bileran), 8.000 euro “Itsas Laguntza Humanitarioa”ri ematea, Egeon ibiliko den erreskateko itsasontzi baten txalupako motor bat erosteko. Txalupa honen kargu egingo dira Elkarte honetako kideak eta bere eginkizuna izango da itsasontzitik aldentzea, errefuxiatuen txalupen bila eta ikusi orduko, abisua ematea eta, ondoren, jendeari benetako salbamendu-jakak soinean jarri eta barkura igotzen laguntzea; jakina, inor uretara erori ezkero, hura salbatzea.  

Egia da, Batzar Nagusien laguntza hau ur tanta bat dela beharraren itsaso zabal horretan. Ur tanta bat, seinale bat izan nahi lukeena Gipuzkoako gure gizarterako: barrena daukan politika egin nahi dugu hemen eta bihotza eta burua dauzkan politikaren argi-izpi bat erakutsi nahi dugu. Bizia jokoan dagoenean, ez dago hotza eta neutrala izaterik.

Gipuzkoarren ordezkaritza daukan erakunde honetan, sentiberak izan nahi dugu giza sufrimenduaren aurrean. Min ematen digu errefuxiatu eta etorkinen larrialdiak, axola digu bake bila eta bizitza hobe eta duin baten egarriz datozen pertsonen zoriak. Elkartasunak gizatu egiten gaitu, eta elkartasun-ekintzak babestea politikaren eginkizuna da Batzar Nagusientzat. Horren adierazlea da errefuxiatuen Ponentzia, euskal erakundeek planak egitekoan zeresana izan behar dutela azpimarratu duena errefuxiatuak hartzeko eta hemen gizarteratzeko, eta aldi berean, herri-erakundeen eta gizarteko elkarteen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu duena. Hitzarmen hau da lankidetza horren adibide-izpi bat.

Bestetik, elkartasuna babestu nahi dugu keinu honen bidez: boluntariotza da elkartasunaren alderdietako bat. Itsas Laguntza Humanitarioan, oporretako egun batzuk, soldataren puska bat eta beren indarra eta lana, Egeoko itsasoan errefuxiatuei laguntzen gastatu nahi dituzten boluntarioak dauzkagu kontutan. Elkartasun hori dohain ematen da. Eskuzabaltasuna da, hain beharrezkoa arlo guztietan. Mundua gizatu eta gozatu egiten du.

Izan ere, ze mundualdi. Gure inguruan begiratu eta opor kutsua eta atseden gogoa. Gure itsas ertzean, arrantzuntziak eta turista-ontziak. Mediterraneoan, txalupak iheslariz gainezka. Nazioarteari berriz eskatu behar diogu arazoei zuztarretik heltzeko eta gatazkak eta gerrak bukatzeko. Guretzat nahi ez duguna ez diogu inori opa, ez siriarrei ez Afganistan, Nigeria, Irak ez Eritreako jendeari. Arazoen arrazoiei heldu behar zaie, ez arazoen ondorioei bakarrik. Nazioartearen eginkizun larria, tartean, Europar Batasunarena.

Europara begiratzen dugu eta min ematen digu ikustean nolako itxitura egin dugun giza eskubideentzat eta gizarte laguntzentzat: horiek europarrontzat bakarrik eta ez dadila inor etorri gurea ukitzera. Ezin dugu onartu giza eskubideen pribatizazioa, giza eskubideak guztionak direlako, ez batzuenak bai eta besteenak ez: denok gara gizaki, giza duintasun bera dugu eta guztioi dagozkigu giza eskubide guztiak. Eta aurrena, behar gorrian datozenak. Europako goi-agintariei behin eta berriz esan behar diegu legea gizakientzat dela, ez alderantziz. Eta legea zuzena dela, gizalegetsua denean.

Guk ere ez dugu ahaztu behar Gipuzkoan eta Euskadin, legearen neurria gizalegea dela, horretan ere jokatzen baita gure identitatea, herri bezala: politikak gizarte bidezkoagoa eraikitzeko balio behar du. Batzar Nagusiek, gaurko hitzarmen honekin, Egeo itsasoan ibiliko den txalupako motorra pizten lagunduko dugu, jakinik inor ez dela itsasorako, lurrerako baizik. Gizarte elkarteen arabera, iaz asiloa eskatu zuten 100 bat gizon-emakume heldu ziren Gipuzkoara eta aurten ere badatoz.

Errefuxiatuak eta etorkinak “asko dira” baino askoz gehiago dira: pertsonak dira. Bakoitzak du bere historia, bere nahiak eta ezinak, zauriak eta kemena. Beraz, txalupako motorraz gain, beste motor bat ere eduki dezagun piztuta: politika zuzenak, ausartak, burutsuak eta zehatzak eragiteko konpromisoa piztuta edukitzea aurrerantzean ere, errefuxiatu eta etorkinen alde, aurrera ateratzen lagundu eta bertan gizarteratzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube