• 03 ABU 17

    Azkeneko sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzea Donostian

    Donostiako alkate Eneko Goiak esan du, hiriaren segurtasuna hobetzeko lanean jarraituko dutela, eta honakoa azpimarratu du: "Erakundeok egin dezakegunaz gain, ezinbestekoa da hiritarren inplikazioa eta konplizitatea horrelako jarrerak ekiditeko".

    Donostiako Udalak elkarretaratzea egin du eguerdian Alderdi Ederren azkeneko sexu erasoak salatzeko eta gaitzesteko. Bertan parte hartu dute udal-talde guztietako ordezkariek, Eneko Goia alkatea buru, eta Foru Aldundiko hainbat ordezkarik eta beste hainbat hiritarrek.

    Eneko Goiak honakoa adierazi du: "Eraso bat egotea gehiegi da, beraz, ikusteak azken egunetan bi eraso gertatu direla asko arduratzen eta haserretzen gaitu". Horren harian, Goiak azpimarratu du, ulergaitza eta lotsagarria iruditzen zaiola Donostian horrelako jarrerak gertatu daitezkeela ikustea.

    Era berean, Donostiako alkateak esan du, hiriaren segurtasuna hobetzeko lanean jarraituko dutela, eta segidako azpimarratu du: "Erakundeok egin dezakegunaz gain, ezinbestekoa da hiritarren inplikazioa eta konplizitatea horrelako jarrerak behin betiko ekiditeko. Uste dut hiritar guztiok bat eginda asko lagundu dezakegula".

    Donostiako segurtasun mahaia

    Gai hori eta beste hainbat gairi buruz hitz egiteko, hain zuzen ere, hiriaren segurtasunaren gaineko beste hainbat gairi buruz, Donostiako segurtasun mahaiak bilera egin du eguerdian. Bertan, parte hartu dute Donostiako alkate Eneko Goiak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburu-orde Josu Zubiagak, Hiri-Segurtasun eta Herri Babeseko zinegotzi Martin Ibabek, eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren agintariek.

    Bi poliziek aldian-aldian bilerak egiten dituzte Donostiako segurtasunari buruzko hainbat gai aztertzeko. Eta gaurko bileran, besteak beste, bi polizien arteko koordinazio-maila aztertu dute, hain zuzen ere, hirian egiten diren polizia-jarduerei buruzko koordinazio maila, eta azpimarra jarri dute asteburuan gertatutako sexu-erasoen aurrean edo beste delitu baten aurrean egin beharreko jarduketetan.

    Gainera, segurtasun mahaiak aztertu ditu Aste Nagusiaren gaineko beharrak. Aste Nagusian bai Ertzaintzak, bai Udaltzaingoak euren presentzia handituko dute. Eta helburua honakoa da: jaiak ondo igarotzea, eta hiritarren segurtasuna, lasaitasuna eta bizi kalitatea bermatzea.