• 22 URR 17

    Andoaingo EH Bilduk plenotik at utzi du hondakinen bilketa sistema hobetzeko aurkeztutako mozioa

    Ostiraleko bozeramaile batzordean, Ana Carrere alkateak erabaki zuen “EAJak sustatutako mozioa datorren plenoko gai zerrendan ez txertatzea”. Jeltzaleek tristuraz hartzen dute erabakia “elkarrizketari eta ideien konfrontazioari ateak ixten zaizkiolako” eta udal plenoa, besteak beste, “herriko politika egiteko beharrezko tokia dela” defendatzen dute.

    Andoaingo EAJ-PNVk ezustekoa eta harridura adierazi nahi du Ana Carrere alkateak herriko hondakinen bilketa sistema eguneratzeko eta hobetzeko aurkezturiko mozioa plenotik at utzi duelako. Jeltzaleen ustez, EH Bilduk mozioa plenoan eztabaidatzea eragoztea justifikatzeko erabili dituen argudioak ez dira balizkoak “egia da diktamen beharra duen erabaki administratibo orok: eragin ekonomikoak, lan alorrekoak edo bestelakorik eduki dezakeen edozein erabakik; batzordetik pasa beharra duela, baina kasu honetan erabat izaera politikoa duen mozio bat dugu eztabaidagai, inolako eragin exekutiborik ez duen mozioa”. Beste modu batetara esanda, mozio politiko bat da, gai zehatz baten inguruan gainerako alderdi guztiak posizionatzera behartzen dituena, naiz eta gero “gorbernu taldeak eskumena duen bertan jasotakoak kontutan izateko ala ez betetzeko”.

    Inork ez du zalantzan jartzen udal araudian zehazten dena “plenoko gai zerrenda osatzeko eskumena Alkateari dagokiola”. Horregatik, EAJ-PNVren ustez, erabaki hau soilik ulertu liteke “eztabaida eta elkarrizketa ukatzeko saiakera bat bezala”.

    Dena den, EAJ-PNVtik aurreratzen dute “hondakinen bilketa sistemaren hobekuntzaz eta herriari eragiten dioten beste hainbat gairen inguruan proposamenak planteatzen jarraituko dutela, horretarako balizkoak diren foro guztietan”. Jeltzaleek azpimarratzen dute “proposamen eraikitzaile positiboak” egiten jarraituko dutela eta “herriko udal talde ezberdinen artean eztabaida politiko sanoa sustatzeko lanean jarraituko dutela”.

    Azkenik, jeltzaleek penaz hartzen dute urriak 21ean Andoaingo kaleetan zehar Ernaik, Sorturen gazte taldeak, “Zuen errautsetan itoko zarete! Errausketarik EZ!” lemapean burutu zuen manifestazioa. Andoaingo EAJ-PNVren ustez, arerio politikoari “errautsetan itotzea” desiratzea iraganeko konfrontazio eskema da. “Bitxia da EH Bilduk hondakinen inguruan udalbatzan eztabaida ukatzen ari den bitartean, beraien gazteetako batzuk gainerakoen kontra manifestatzen aritzea”. Azpimarratzen da “konfrontazioa eta enfrentamentua bilatu nahi dituenak ez gaitu bide horretan topatuko, proposamenak egiten jarraituko dugu, elkarrizketaren eta hitzaren aldeko aldarria eginaz, akordioak lortzeko erraminta ezinbestekoak baitira”.