• 12 API 18

    Aldundiak eta Aubixak “Dementziadun pertsonei zuzenduriko inguru integratzaileak jardunaldia” sustatu dute

    Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aubixa Fundazioak, apirilaren 20an Donostiako Miramar Jauregian egingo den “Dementziadun pertsonei zuzenduriko ingurune integratzaileak: 1. jardunaldia” aurkeztu dute. Jardunaldi hau ez da eremu honetako profesionalei bakarrik zuzenduta egongo, gizarte osoari baizik.

    Gerontologia eta Arkitektura alorreko nazioarteko zein Estatu mailako erreferentziazko profesionalek parte hartuko duten lehen jardunaldi honen helburua da eremu fisikoak eta ingurune terapeutikoek dementziadun pertsonen gaitasunetan duten eraginari buruz hausnartzea. “Izan ere, egiaztatua dago ingurune fisikoak eragin berezia duela narriadura kognitiboa pairatzen duten pertsonen artean. Hori dela eta, ingurune terapeutikoen diseinua ikuspuntu ez farmakologikoetan barneratzen da gero eta gehiago, narriadura kognitiboa aurreikusteko zein txikiagotzeko” adierazi du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, Marisol Garmendia, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua, eta Pilar Marco, Aubixa Fundazioko presidentea, lagun dituela egin den prentsaurrekoan.

    Dementziaren intzidentziari dagokionean, Peñak adierazi du gaur egun munduan “46 miloi pertsona diagnostikatuta daudela; 2030ean 76 miloi izango direla eta 2050ean 135 miloi izatera iritsiko direla. Lau segundoro dementzia kasu berri bat diagnostikatzen da eta hauetatik % 70ek Alzheimerra daukate”. Datu horiek hizpide, Aubixako presidenteak nabarmendu du gaixotasun honen handiagotzeak mende honetako “erronka sanitario, sozial eta politiko handienetarikoa dela”, eta ondorioz “Aubixa Fundazioak, gizarteko beste sektoreekin batera, jarrera, ideia eta politiken nahitaezko orientazio berriari aurre egin nahi diola. Horrek, gaur egun eskubideen alorrean, arreta soziosanitarioan, profesionalen eta zaintzaileen formakuntzan, ingurune integratzaileen eremuan, eta belaunaldiarteko lankidetzan dauden ereduen diseinu berriak eskatzen ditu, horrela dementziarekin lagunkoiagoa den gizarte baterantz abiatuz”. 

    Ebidentzia zientifikoa

    Maite Peñaren hitzetan, azken hamarkadetan gure gizartea “aldaketa sakon eta ugariei” aurre egiten ari da, hala nola “aldaketa demografikoak, familia-egituren aldaketak, emakumearen rol berria gizartean, zahartzearen prozesuan dauden lehentasun ezberdinak, eta abar. Transformazio guzti honek, gure ongizate ereduaren zenbait oinarrien birplanteaketa ekarri digu”.

    Testuinguru honetan, adineko pertsonen preferentziek eta gizarte zirkunstantziek, “arreta-eredu berri baten planteamendua dakarte” non “pertsona bakoitzaren itxaropenari” erantzuteko aukera dagoen, bere independentzia eta autonomia errespetatzen den eta “ongizatea eta bizitza-kalitatea” bezalako faktoreak kontutan hartzen diren. Horren harira, Peñak azpimarratu du  “bizitza kalitatea determinatzen duten faktoreen artean, adineko pertsona bat bizi den ingurunea “oinarrizko errekurtsoa” dela, eta “zahartzen goazen neurrian non eta nola bizi nahi dugun” hori “ezinbesteko” aspektua dela gaur eguneko zahartzaroaren eszenatoki berri hau aztertzeko momentuan. Eta erantsi duenez, jada “ebidentzia zientifikoa da” pertsonen bizitoki diren inguruneen diseinuak bizitza kalitate eta gaixotasunaren bilakaeran duen eragina”.

    Bere aldetik, Marisol Garmendia diputatuak adierazi du “eraikitako inguruneak” pertsona guztiei orokorrean eragiten diela, eta “bereziki adineko pertsona eta dementziadun pertsonei” ingurunea ikuskatu eta interpretatzeko dauzkaten “zailtasunengatik”. “Eraikitako ingurunearen ezaugarriak pertsonen autonomia eta ongizatearentzat oztopo bat izan daitezke edota independentzia, autonomia eta ongizate maila maximoa ahalbideratzen dituztenak”. Hori guztia dela eta, “pertsonen behar espezifikoei” zuzenduriko inguruneen diseinu eta exekuzioak, dementziari lotuta dauden sintomak “noraeza, desorientazioa, urduritasuna, atzeratasun soziala eta abar txikiagotzeko erreminta baliagarriak izan daitezkeela esan du Garmendiak.

    Mundu mailan erreferentea den zentroa

    Jardunaldiaren harira -Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren laguntza izan duena- Marcok adierazi du antolatu dutela gogoeta egiteko “ingurune integratzaileek” Alzheimerdun pertsonengan eta gizartearengan orokorrean izan dezaketen “esanahiaren inguruan”. Eta baita oroitarazi ere “ingurune terapeutiko egoki bat sortzeko lanean diharduten bi eremuetako (Arkitektura eta Gerontologia) profesionalei ez ezik, gizarte osoari irekita ere egongo dela”.

    Honela, arkitektoen aldetik, Lesley Palmer-en parte-hartzea aipagarria da.Dementziarako Zerbitzu-Garapenen  Zentroko arkitekto nagusia eta Iridis-eko sortzaileetako bat dugu Palmer. Iridis Stirling-eko Unibertsitatean eraikitako teknologia digitalari eta inguruneari buruzko mundu mailako ikerketa taldea da. Dementziadun pertsonei zuzenduriko diseinuen aplikazio praktikoetako proiektuak gauzatzen ari da Japon, India, Australia, Amerika, Europa eta Erresuma Batuan.

    Mahai-ingurua ere izango duen jardunaldia amaitzeko, Donostia 2018 Manifestua irakurriko da, eta parte hartzaileak gonbidatu atxiki daitezen. Ondotik, “Inguruneak eta dementziak” eztabaida-leku iraunkorra aurkeztuko da, helburu duena gai honi lotutako ekimen berritzaileak sustatzea, eta honako kideek osatuko dutena: erakunde desberdinetako partaideak, gizarte entitateak, unibertsitateak, elkargo profesionalak eta gizarteko kideak, oro har.

    Jardunaldiaren programa eta gainontzeko partaideei buruzko informazioa www.entornosydemencias.org webgunean eskuragai dago. Bertan, izen-ematea ere egin ahal izango da.

    Aubixa: belaunaldi arteko elkartasuna

    Aubixa Fundazioa belaunaldi arteko elkartasun sare bat da, gizarte zibiletik sortua, eta “indarrak batu” eta zahartzearen eta Alzheimerraren erronka globalari aurre egitea erabaki duten boluntarioen elkarteak osatzen du. Izan ere, Marcok azaldu duenez, zahartzea eta Alzheimerra dira XXI. mendeko erronka nagusietako bat, eta erantsi du erronka honi aurre egiteko ezinbestekoa dela jarrerak, ideiak eta politikak errealitate horietara “berrorientatzea”. <0} Era berean, helburu horri heltzeko, egun indarrean dauden eredu asko “birdiseinatu” egin behar dira, “maila sozialean, sanitarioan, urbanistikoan, hezkuntzazkoan, teknologikoan nahiz kulturalean”. Zeregin konplexu bat da, ziur, "errotiko transformazioa eta paradigma aldaketa bat” ekarriko dituena.

    Fundazio gisa sortu zenetik igaro diren 17 hilabete hauetan, Aubixak bere bideari ekin dio, beste erakunde eta entitateekin lankidetzan, aldaketa horiek guztiak sustatzeko, alor eta eremu guztietan. Hori horrela, “Alzheimerra duten pertsonen eta babesgabetasun egoeran dauden adineko pertsonen eskubideen Donostia Gutunak egin ditugu, eta eskubide horiek betetzen diren ikuskatzeko behatoki bat martxan jartzea sustatuko dugu”. Aubixako presidenteak esan duenez, orain “dementzia duten pertsonentzako ingurune integratzaileen arazoari helduko diogu, eta, horretarako, foro bat sortzea bultzatuko dugu. Foro horretan herri administrazioak eta entitate pribatuek –gizartea oro har- parte hartuko dute, gai honen inguruko hausnarketaren dinamizatzaile eta katalizatzaile gisa”. “Profesionalei eta zaintzaileei zuzendutako prestakuntzarekin ere jarraituko dugu; ondoren, belaunaldi arteko arazoari helduko diogu, Alzheimerraren aurkako agenda estrategikoari, edo zaintzetan oinarritutako gizarte bateranzko bideari”.