• 15 URT 18

    Aldundiak “desadostasun irmoa” azaldu du Euskara Planeko bost artikuluren aurkako epaiarekin

    Auzitegiak Euskararen Normalizazio Planeko puntu batzuen inguruan egindako irakurketa “murriztailea” deitoratu du Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, baina gogoratu du ez dela zalantzan jarri foru erakundearen hizkuntza politikaren funtsa

    Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzi Aretoak Foru Aldundiaren 2013-2017 aldirako Euskararen Normalizazio Planaren aurkako epaiarekin “desadostasun irmoa” azaldu du gaur Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek. Auzitegien sententziei dagokien “errespetu osotik” abiatuta, azpimarratu duenez, plangintzak jasotzen dituen bost puntu bertan behera uzteko erabilitako argudioak “murriztaileak” izan badira ere, “ez dira zalantzan jarri foru erakundearen hizkuntza politikaren funtsezko irizpideak”.

    EAEko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzi Aretoak 2017ko maiatzaren 29an foru erakundearen normalizazio planaren aurka emandako epaiari kasazio helegitea jarri zion joan den ekainean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta kasazio helegitea atzera bota du orain auzitegiak. Plan hori da, hain zuzen ere, Euskararen erabilera normalizatzeko plana Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bere organismo autonomoen jarduera esparruan 2013-2017 aldirako –legezko betekizuna du Aldundiak plan hori garatzeko–. Epaiak bost artikulu baliogabetzen ditu, gai hauei lotuta daudenak: komunikazio instituzionala (5. art.), kontratazio administratiboak (8. art.), diru-laguntzen jasotzaileen betekizunak (9.3 art.), argitalpenak (11. art.) eta Internet eta intranet sareak (13. art.).

    Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, berretsi egin du Auzitegi Nagusiak artikulu horiek baliogabetzeko emandako argudioek ez dutela “inolaz ere Foru Aldundiko hizkuntza politikaren funtsezko irizpideen aurka egiten”. “Gehienetan arrazoi teknikoen edo idazketaren interpretazio murriztaile bati heltzen dio auzitegiak. Gainera, Euskara Plana 2017arekin batera amaitu denez, epaiaren eragina oso mugatua izango da. Datorren plangintzaldia (2018-2022) eta dagokion araubidea lantzen ari gara dagoeneko eta auzitan jarritako puntuak zorrotz landuko ditugu, berriro ere antzeko egoerarik sor ez dadin”, gaineratu du Mendizabalek.

    Auzitegi Nagusiak emandako sententziaren aurrean kasazio helegitea jartzerakoan nabarmendu zuen moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du bat egiten epaiak erakusten duen ikuspegiarekin. Izan ere, baliogabetzen diren artikulu guztien kasuan, administrazioarekin harremanak gaztelaniaz izan nahi dituen herritarraren eskubideak ikusi ditu arriskuan auzitegiak. Alabaina, Diputatuen Kontseiluak 2014an onartu zuenez geroztik, Aldundiaren praktikak erakutsi du ez dela inoiz erreklamaziorik izan, berarekin harremanak gaztelaniaz izan nahi dituzten herritarren aldetik. “Izatekotan, gure plangintzak eta ahaleginak zorrotz aplikatzen baditugu ere, gurekin harremanak euskaraz izan nahi dituzten herritarren kexak eta erreklamazioak jaso izan ditugu”, xehetu du Mendizabalek.

    Foru zuzendariak gogoratu du hizkuntza berdintasunaren aldeko politikak sustatzen dituela Gipuzkoako Foru Aldundiak, gainontzeko euskal erakundeekin elkarlanean, eta euskararen erabilerari “lehentasuna” ematen zaionean, “lehentasun konpentsatzaile” bat ematen zaiola, Foru Aldundiarekin “harremanak euskaraz izan nahi dituzten herritarrak posizio ahulago batean daudelako, inondik ere”.

    “Baliogabetzen diren artikuluen kasuan egin behar diren egokitzapen teknikoak eginda, Aldundiak hizkuntza berdintasunaren aldeko politikak garatzen jarraituko du, orain arteko ikusmolde eta hedadura berarekin”, berretsi du Mendizabalek.