• 17 UZT 17

    100 lagunetik gora ari dira lanean Deskargako obran, 2019rako amaituta egon dadin

    Diputatu nagusiak eta Bide Azpeigitura diputatuak legealdi honetako inbertsio nagusienetakoa den proiektuaren lanak bisitatu dituzte

    Diputatu nagusi Markel Olanok eta Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek Deskargako lanak bisitatu dituzte, eta in situ egiaztatu dute lanen erritmo egokia; Olanoren esanetan, erritmo horren ondorioz, “saihesbidea aurreikusitako epean amaituko dela espero dugu". 100 lagunetik gora ari dira lanean Deskargako obran, 2019rako amaituta egon dadin. Lau hilabete igaro dira Gipuzkoako biribilgunea amaitzeko falta den azken zatia eraikitzen hasi zirenetik, eta, aurreikusita zegoen bezala, guztizko lan osoaren eta aurrekontuaren % 16 gauzatu da jada; horrek adierazten du lanak hasi zirenetik produktibotasun maila handia izan dela.<0}

    Olanok lan horien garrantzia azpimarratu du; izan ere, Antzuola eta Bergara konektatzeaz gain, 5 km horiek garrantzi handia dute Urola, Goierri eta Debagoiena eskualdeentzat, baita Gipuzkoa osoarentzat ere. “Errepide honek nabari eragingo die lurraldearen ekonomiari eta lehiakortasunari, Urola Garaia, Goierri eta Debagoiena eskualdeak lotuko dituelako, eta ezaguna da zer-nolako garrantzia duten hiru eskualde horietako industriak, enpresek eta unibertsitateek ", zehaztu du diputatu nagusiak.

    Lanen lau hilabete horietan, modu oso aktiboan egin da lan, GI-632  errepideko lanak bukatzeko eraiki behar diren 5,3 kilometroetako hainbat puntutan. “Aldi berean ari dira bost lur-erauzketen euste lanak egiten". Horrek ahalbidetuko du induskatzea, euste-lanak egiten ari diren heinean, eta aukera ematen du Antzuolako zubibidearen eta lanen hasieraren artean egin beharreko lubeta garrantzitsuan aurrera egiteko. “Puntu hori oso garrantzitsua da, lanaren bide erabakigarria baita momentu honetan”, azpimarratu du Bide Azpiegituretako diputatuak.

    Gaur egun, enpresa eraikitzailea, UTE Uzarraga, hamaika lan-leku independentetan ari da lanean, eta, beste bitan, amaitu ditu aurreikusitako lanak. “Batez ere, joste lana egin da orain arte. Terrenoa osatzen duten geruzak josten ari dira, piloteen eta buloien bidez. Jarritako piloteen eta egituren artean milioi bat kilogramo altzairu jarri dira, eta 5.300 metro kubo erabili dira”, azaldu du Aintzane Oiarbidek.

    Horrelako tamainako lan batek beti sortzen ditu gorabeherak inguruan, eta diputatuak azaldu du minimizatzen saiatu direla GI-632 errepidean eta, batez ere, Antzuolarako sarbideetan duen eragina. “Lanerako hiru sarbide egin dira GI-632 errepidetik, eta irail edo urri aldera bakarrera murrizten saiatuko gara. Hori posible izango da laneko sei egiturak amaitzean. Orduan, kamioiak lanaren trazatu osotik igaro ahal izango dira, eta nahikoa izango da sarbide bat”, gehitu du Oiarbidek.

    Laneko soberazko materiala Basagoitiko lur biltegira eramaten ari dira. Egunero, 15-20 kamioik eramaten dute, batez beste, lanetako soberazko materiala Basagoitiko lur biltegira; biltegi hori Aretxabaleta eta Eskoriatza artean kokatua dago, eta, oraingoz, 60.000 metro kubo jaso ditu. “Nahiz eta autobidetik eraman diren Basagoitira soberazko lurren kamioi guztiak orain arte, Aretxabaletatik igaro gabe (GI-3920 errepidetik), lanen puntu honetatik aurrera bertatik ibiltzen hasiko dira opor sasoiko trafikoa amaitzen den arte. Ezin dizkiegu eragozpen horiek saihestu aretxabaletarrei”, aurreratu du diputatuak.

    Bere aldetik, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok berriz nabarmendu nahi izan du lan honek Gipuzkoako gizarte osoarentzat duen garrantzia. “Deskargako saihesbidea amaitzen dugunean, eta Gipuzkoako biribilgunea bukatuta geratzean, gipuzkoar guztiok izango dugu ahalmen handiko errepideren bat gure herritik 15 kilometrora baino gutxiagora, eta, lanen erritmo egokia ikusita, espero dut hori errealitate bihurtzea martxoaren 28rako".